“Jabetza industriala negozio ikuspuntutik”

Nor gara

Jabetza industrial eta intelektualean zerbitzu integrala eskaintzen duen aditu talde bat gara. MONDRAGON Korporazioren partaide gara.

Ez gara jabetza industrialeko ohiko agentzia bat, industriatik baikatoz. GALBAIAN 2011ko urrian sortu genuen Fagor Taldeko Jabetza Industrialeko  Departamentuko langileok. Departamentu honek 25 urte baino gehiagoko esperientzia pilatu zuen jabetza industrial eta intelektual arloan Taldeko enpresak eta beste batzuk aholkatzen. Enpresa-talde baten barne departamentua ginen eta gaur egun gure bezero guztien barne departamentu izan nahi dugu, beti ere negozio ikuspuntutik zerbitzua eskainiaz.

 

Jakin badakigu hurbiltasuna zein garrantzitsua den enpresak aholkatzerakoan, zein garrantzitsua den gure bezeroekin elkarrekintza eta elkarlanean aritzea, gure erabateko inplikazioa egotea, beraiei ondo ulertzea eta ondo ulertaraztea, azaldu beharrekoa azaltzeko ahaleginean buru-belarri murgiltzea, patente eta markei buruzko trebakuntza eskaintzea. Era berean, ohartzen gara gardentasuna zenbat eskertzen den. Horiei guztiei kalitatea eta zorroztasuna gehitzen dizkiegu, oso kualifikatuta egoteaz gain etengabe trebatzen ari diren pertsonen bidez.

 

Beste alde batetik, ez dugu ahazten nongoak garen eta non gauden, eta ahal dugun neurrian eta gure esparruan, bereziki patente mailan, Euskal Herrian jauzi kualitatibo bat bultzatzen laguntzeko konpromiso garbia daukagu, berrikuntzan euskal enpresa eta teknologi zentroek egiten dituzten ahaleginak jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketa egoki batekin lerratu daitezen.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi gure lantaldearen euskararekiko konpromisoa. Guztiok gara euskal hiztunak eta gure arteko harremanetan, eta baita bezeroekin ditugunetan ere, ahal den neurrian euskararen erabilpena lehenesten dugu, nahiz eta kontziente izan arlo horretan ere bide luzea geratzen zaigula aurretik.