Mondragon Unibertsitateak eta Bilboko Merkataritza Ganberak “Patente Aditua Enpresan” kurtsoaren edizio berri bat antolatu dute Innobasque eta SPRIren laguntzarekin. Aurrekoak bezala Ismael Igartuak zuzentzen duen bederatzigarren edizio honen egitura aurreko edizioaren berdina izango da, eta ohiko hizlariek hartuko dute parte, guztiak ere patente munduan prestigio handidun adituak. Zortzi saio izango dira guztira, irailaren 21ean hasita ostiraletan.

Kurtsoko zortzigarren edizioko famili argazkia Innobasqueko zuzendari orokor den Leire Bilbaorekin batera. 

Kurtso honek ikuspegi praktikoa du eta enpresa munduan jabetza industrial eta intelektualaren inguruko ildo eta irizpide garbiak finkatu nahi ditu, bereziki patenteei dagokienez. Patente estrategia, kudeaketa eta errentagarritasuna izango dira mintzagai besteak beste. Azken finean enpresa, teknologi zentro eta unibertsitatetan patente kultura bat sortzeko ahaleginean laguntzea da helburua.

Informazio gehiago eta kurtsorako izen ematea.

Profil oso ezberdineko 124 pertsonek dagoeneko lortu dute Kurtsoaren diploma aurreko zortzi edizioetan, animatu zeu ere eta eman izena!

Hauek dira aurreko edizioetako ikasle batzuen iritziak:

Iñigo Irizar Arcelus – Bazkidea – Handitu MRE, S.L. – Zortzigarren edizioko ikaslea
“Datorren mundua geroz eta konplexuagoa da. Enpresek geroz eta ezagutza gehiago erabiltzen eta garatzen dute; geroz eta teknologia gehiago erabiltzen eta garatzen dute. Ezagutza eta teknologia kudeatu egin behar dira, finantzak, jarduera komertziala eta ekoizpena kudeatzen diren bezala. Ez naiz ezertxo ere esajeratzen ari patente sistemaren ezagutza sakonik gabe ezagutza eta teknologia kudeatzea ezinezkoa dela esatean.  Patente Aditua Enpresan kurtsoa lehen pausu bikaina da mundu mailako patente sistema ezagutzen hasteko. Enpresa bat era profesional batean lideratu, kudeatu eta hazi erazi nahi izanez gero, kurtso hau egitea biziki gomendatzen dut.”
Kurtsoari buruzko artikulua

Ibon Serrano – Teknologi Ustiaketa Arduraduna – IK4-IDEKO – Zazpigarren edizioko ikaslea
“Egun bizi dugun ingurune ekonomikoak geroz eta gehiago eskatzen du enpresek beraien aktibo intelektualak babes, defenda, balioan jar eta ustia ditzaten, hori da beraien lehiakortasuna bermatu ahal izateko bidea etengabe aldatzen den eta geroz eta zorrotzagoa den merkatu batean. Ezagutzaren kudeaketa honek langile profil berriak eskatzen ditu antolakuntzetan, izan enpresa, I+G zentro edo unibertsitate. Hala ere, gaurdaino hezkuntza arautuak ez dio beharrezko arreta eman gero eta garrantzitsuagoa bilakatu den diziplina honi. MUk eskaintzen duen ikastaro aurreratu hau, hain zuzen ere, hutsune hau betetzeko ezin hobeto prestaturik azaltzen zaigu, bikainki bideratua dagoelarik profesional profil berri honen gaitasunak osatzera.
Nire kasu zehatzean, IK4-IDEKO zentro teknologikoko ustiaketa arduradun bezala, bereziki probetxugarria izan zait ikastaroa. Ondorio bezala, gure ezagutzaren jabetza (patente, erabilgarritasun modelo, marka zein bestelako erregistroak) berme gehiagoz, irizpide osatuagoz eta erabateko ziurtasunez kudeatzen dugula aitor dezaket. Ikastaroaren egitura praktikoak eta puntako adituen esperientziek, zinez atsegina eta emankorra bihurtzen dute jarduera ikasleontzako. Ezin ezta aipatu gabe utzi antolatzaileen prestutasuna egonaldi bakoitza giro adeitsu eta ezin erosoagoan burutu dadin. Zorionak beraz!”
Ángel del Pozo – Product Technology Researcher – BIOPRAXIS RESEARCH AIE – Seigarren edizioko ikaslea
“Kurtsoak enpresen jabetza industrial eta intelektualaren kudeaketaren inguruko ate zabal bezain beharrezkoa zabaltzen du. Aukera paregabea da profesional handiengandik ikasteko eta gure karreran bide berriak zabal diezazkigukeen profil berezi bat geureganatzeko. Gainera, klaseak arin bezain erabilgarri egiten dituen talde dinamika sortzen da hasiera-hasieratik, eta kurtso bukaeran ezagutzarekin batera adiskide on batzuk eramaten dituzu.”
Ana Arizaga – Proiektu Bulegoko Zuzendaria – IK4 TEKNIKER – Bigarren edizioko ikaslea
“Jabetza industrial eta intelektualarekin edozein ikuspegitatik harremana duen edozeinentzat da guztiz gomendagarria kurtsoa. Hizlarien bikaintasuna eta kurtsoaren zuzendariaren ‘background’ profesionala eta formakuntza mailan duen eskarmentua balio erantsi bat dira. Eta era dinamiko eta partehartzaile batean planteatzen dutenez, kasu praktikoak eta partehartzaile bakoitzaren problematika oso erabilgarri eta didaktikoak suertatzen dira.”
Sabin Goitia – Kultur eta Sormen Industrian Aholkularia – Eusko Jaurlaritza – Gobierno Vasco – Bigarren edizioko ikaslea
“Patenteen mundu zail baina zirraragarrian murgildu nahi duten pertsonentzako oso kurtso erabilgarria da. Patenteen bizitza zikloan barrena ibilbide bat, ikuspegi orokor osatua eskaintzen duena, enpresa ikuspuntu eta ikuspuntu praktiko batetik. Parte hartzen duten pertsonen arteko giro adeitsu eta ireki batekin, eta aditu eta hurbilerraza den formakuntza emaile talde batekin, kurtsoa bera bezain garrantzitsuak dira kurtsoan zehar eginiko kontaktuak.”
Eneko Izquierdo – Competitive Intelligence Manager – ULMA Packaging, S. Coop. – Bigarren edizioko ikaslea
“Patente Aditua Enpresan Kurtsoa enpresa mailan Jabetza Industrialaren kudeaketa egokia bideratzeko osagarri perfektua da. Hizlari entzutetsuek patentearen bizitzan zehar aurkituko ditugun kasuistika guztiak jorratzen dituzte, industria sektorean aplikazio zuzena duten kasu praktikoen bitartez. Azken batean, kurtso erabat gomendagarria da, bai edukien irismen eta zehaztasun mailagatik eta baita hizlarien kalitate eta inplikazioagatik ere.”
Iñaki Garate – Zaintza Teknologikoko Zuzendaria – Ingeteam Power Technology, S.A. – Lehen edizioko ikaslea
“Esperientziak erakusten du enpresa gehiegi direla norbere eta besteen patenteekiko ezjakintasunez eta pasibotasunez jokatzen dutenak, merkatuko joko-arauak beraientzat ez balira bezala, arau horiek ez ezagutzeak arauen ondorioez libratuko balitu bezala (‘arazoaz ez hitz eginda akabo arazoa’). Enpresa gehiegik erabakitzen du beranduegi, gatazkaren bat pairatu ondoren, beraien jendea formatzea, aurrez eginda arazoak ekidin eta baliabideak eta dirua aurreztu ordez.  Gure kasuan, infrakzio demanda baten ondorioak jasan ondoren, enpresak patentetan formakuntza jasotako pertsonala indartzea erabaki zuen. Beste batzuen artean, niri ere egokitu zitzaidan.
Orain dela urte batzuk kurtsoaren lehen edizioan parte hartzeko zortea izan nuen. Lehen egunean neraman aldez aurretiko ideia mundu ilun horretaz zerbait ulertzekoa zen, pentsatuz enpresetan normalean mundu hori “fardel korapilatsu, irensteko zail eta inork bere gain hartu nahi ez duena” dela. 
Hala eta guztiz ere, kurtsoak onerako harritu ninduen eta erabat gainditu zituen nire hasierako espektatibak. Obligazio bezala barneratutako ‘joan behar dut’ batetik ‘joan nahi dut’ batera pasatu nintzen, partehartze desiratu, atsegingarri eta erabat interesgarri batera. Horretarako arrazoien artean hizlarien aniztasuna zegoen, adituak bakoitza bere esparruan, ezagutza maila oso altuko dibulgatzaileak, kasu praktiko erreal ugari esplikatzen, entzulegoarekin erraz konektatuz eta beharren eta egindako galderen arabera beraien hitzaldia/aurkezpena aldatzeko prest.
Ikaragarri ikasi nuen, irizpidea izaten ikasi nuen, egoerak interpretatzen, enpresa munduan patenteek duten balio itzelaz kontziente izaten, Europa iparraldekoek, alemanek, estatubatuarrek eta abar eta miresten ditugun enpresa guztiek egiten duten moduan gure ideia eta garapenen balioa nabarmentzen, gure merkatu eta produktuen arabera estrategiak diseinatzen, lehiakideen garapenen eboluzioa eta interesgarri diren teknologiak ezagutzeko patenteak erabiltzen, Zaintza Teknologikoa…
Azken finean, bete-betean asmatu nuen kurtsora joatearekin”

CategoryAgenda, Galbaian

2020 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika    mondragon simbolo-twitter