Iñaki Etxeberriak, GALBAIANeko bazkide-sortzailetakoa bera, erretiroa hartu du. Hala ere, hemendik aurrera ere GALBAIANeko familiako kide izaten jarraituko du, bere aurretik jubilatu diren Gerardo, Arantzazu, Bedia eta Ibonekin batera.

Txantxiku honek berrogeita hamar urteak beteak zeuzkan bere bizitza profesionala patenteen mundura bideratzea erabaki zuenean. Ausardia, ilusio, umiltasun eta energiaz gainezka ekin zion lanbide berria ikasteko erronkari. 2010 urtea zen, FAGOR Taldeko Jabetza Industrialeko Departamentuan eman zituen hilabete batzuk eta ondoren GALBAIAN jaio zen.

Ordutik inork baino hobeto jakin izan du bere burua bezeroen zapatetan jartzen, ondo zekien-eta zapata horiek eramatea zer zen. Ez alferrik, hogeita bost urtetik gora emanak zituen enpresa ezberdinetako zuzendari, ekoizpen arduradun eta fabrikazio arduradun gisa. Erabateko naturaltasunez eraman du mutur-muturreraino GALBAIANeko kontsigna nagusietako bat: bezeroei beraien lankide garela sentiaraztea.

Agur esan digu Dick Turpinek. Guk aurkitu beharko ditugu klaraboiak hemendik aurrera.

Jose Luis Sampedroren hitzak bere eginez Iñakik sarri esaten duen bezala, denbora ez da urrea, urreak ez du ezer balio. Denbora bizitza da. Eskerrik asko Iñaki urte guzti hauetan zure denbora gurekin partekatzeagatik.

Eskerrik asko, Iñaki!

CategoryGalbaian

2020 © GALBAIAN INTELLECTUAL PROPERTY

logo-footer

Legezko oharra | Cookien | Pribatutasun politika    mondragon simbolo-twitter